miércoles, 20 de octubre de 2010

Bizitzaren paradoxak

Paradoxikoa da erabat, teknologiaren inguruko hitzaldi batean teknologiak huts egitea.
Hala ere paradoxak egiak izan ohi dira eta honakoan Gorka Palaziok Madrilen emandako hitzaldian gertatu zen aipaturikoa. Teknologia berriek irekiriko komunikazio bideen inguruan zihoan hitzaldia eta teorian aipaturikoa praktikara eramateko edo “Livestream” bidez ikus zitekeen berak esandakoa. Beraz, ikasle gehienok etxeko sofan eseri ginen, batzuk gaueko erresaka gainean zutela; beste asko ohikoa dena baino goizago esnatuta … izatez 10:30etan baitzen hitzaldia.
10:30ak iritsi ziren eta inork ez zuen Palazioren berri. Urrutiko klaseek duten lehen desabantaila da honako, teknologia berri hauek saldu nahi digutena baino hobea baita aurrez aurrekoa, eta bera Madrilen eta gu etxeko sofan egonez zail egiten da zuzeneko komunikazio hori.
Azkenean 11etan hasi zen hitzaldia, eta labur-labur esateko. Irudia erdipurdikoa (Momentu batzuetan Palazio jaunari lepoa moztu ziotela zirudien); ahotsa eta irudia bakoitza bere erara, urtetan izandako erlazioa hautsi balute bezala; eta amaitzeko paradoxa borobiltzeko, ez irudi ez ahotsik. Hori bai, denok gozatu ahal izan genuen The Police kanta eder batekin.
Teknologiaren abantaila eta desabantailak …. bizitzaren paradoxa.

martes, 12 de octubre de 2010

Fernandez Liriaren elkarrizketa

http://revelacionalgeciras.blogspot.com/2010/07/entrevista-carlos-fernandez-liria.html

Fernandez Liriaren elkarrizketa gordin bezain bikain honi argiztapen eta irudien konposizio aldetik zerbait falta zaio, irudi aldetik ez baita eduki aldetik den bezain bikaina.
Elkarrizketatuak atzean edo alboan duen argiztapenak gehiegizko intentsitatea du, ondorioz, elkarrizketatua eta inguruak nolabaiteko iluntasunean murgiltzen dira. Bestalde, argiztapen honek, atzeko horman itzalen agerpena dakar, irudiaren konposizioa narrastuz,
Irudien konposizio aldetik ere akats batzuk baditu bideoak. Elkarrizketa aurrera doan heinean egiten diren mozketa horiek zakarregiak dira, hau da, mozketa horiek leundu egin beharko lirateke.
Elkarrizketa astunegia izan ez dadin (nahiz eta gaia erabat interesgarria izan), artxiboko irudiak tartekatzen dituzte egileek, hauek nolabaiteko bizitasuna ematen baitiote elkarrizketari. Hala ere, artxiboko irudiek ematen dioten bizkortasun hori, elkarrizketan grabatutako irudi monotonoek kentzen diote. Hori konpontze aldera, elkarrizketatuaren plano desberdinak egin beharko lirateke, nahiz eta zail egiten den honako hau kamara bat baino gehiago eduki ezean.
Elkarrizketa eduki aldetik benetan interesgarria izaki, akats edo hutsune horiek ez dira asko sumatzen; hala ere beti ez dugu aurrean Fernandez Liria bezalako pertsonaia interesgarri bat edukiko beraz, xehetasun guztiak kontuan edukitzea beharrezkoa da.